LEGATZ HEGALAK SALTSA BERDEAN PATATEKIN

Osagaiak

  • Kg bat legatz hegal fresko, garbi eta azalik eta mintz beltzik gabe
  • 10 koilarakada oliba olio
  • Baso erdi bat ardo zuri
  • Arrain salda edo ura
  • 2 baratxuri xister, pikatuak
  • Perrexil xehatua
  • Kg laurden patata txiki, egosiak eta xafla lodi xamarretan moztuak.
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Gatza eman eta kazola apal eta zabal batean ipiniko ditugu legatz hegalak, azala gora. Gainean isuriko dugu oliba olioa, eta baratxuri pikatua erantsi. Su ezti-eztian jarriko dugu kazola, mantso bero dadin. Hara eta hona eragingo diogu ondoren. 4 bat minutuan iraungo dugu lan honetan.

Gelatina isurtzen hasi orduko (olioa nahasten hasia izango da), erantsiko dugu ardo zuria. Eragin eta eragin segituko dugu guk betiere, su ezti-eztian. Hegalak irauli eta xorta bat arrain salda edo ur erantsiko dugu.

Hegalen izaera eta freskuraren arabera lodituko zaigu saltsa. Koipetsu behar du saltsak baina fina aldi berean, loditasun puntua ageri behar du, baina zeharo trinkotu gabe. Bukaeran, patata-xerrak erantsi eta astindu on xamar bat emango diogu kazolari. Perrexil pikatua gainetik hautseztatu eta zerbitzatuko ditugu legatz hegalak.

Jakia maneatzen hasi aurretik, irinetan pasa ahal izango ditugu, nahi izanez gero, arrain puskak. Errazago lodituko da saltsa. Norberak hauta dezala gogokoen duen modua.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?