LEGATZ PASTELA

Osagaiak

  • Kg bat legatz hezurrarekin, erdiko trunkoa esate baterako, garbi eta ezkatarik gabe
  • 2 tipulin, pikatuak
  • Porru baten zuria, pikatua
  • 2 baratxuri ale
  • Oliba olioa
  • Xorta bat brandy
  • Litro laurdena esnegain urtu
  • 8 arrautza, joak
  • Gatza eta piperbeltza

Errezeta


Kazola zabal batean, ur gazia isuri eta su eztian jarriko ditugu legatza egosten, mamia hezurretatik erraz bereizten dela sumatu arte. Ura irakiten hasi eta 10 bat minutu beharko ditugu horretarako. Erre gabe maneatzeko moduan egotean papurtuko dugu arraina. Azala kenduko diogu ondoren. Hezurrak, katuarentzat.

Kazola batean, su ezti-eztian jarriko ditugu tipulinak, porrua eta baratxuriak olio pixka batean gozatzen. Barazkiak xamurtzean, 10 bat minuturen buruan, erantsiko dugu brandya. Murrizten utzi eta biraka nahasiko dugu ondoren guztia. Arrain papurtuaren txanda etorriko da gero: ongi nahasi eta berotasun horretan edukiko dugu, irakin gabe, ez lehortzeko.

Sutatik kanpora nahasiko ditugu arrautzak eta esnegaina. Gatza eta piperbeltza emango diegu ondoren. Aurrez maneaturiko jakiak erantsi eta nahasiko dugu guztia. Gatz-puntua zuzenduko dugu gero.

Molde handi bat edo bi txiki (plum-cake motakoak) hartu eta, gurin urtuaz igurtzi ondoren, ogi birrinduaz hornituko ditugu barruko aldeak. Nahastura sartuko dugu ondoren. Bainu-marian edukiko ditugu moldeak 20-30 minutuan 180º-tan, nahastura ongi mamitu arte. Labeko epea luzatuz gero, lehortuko zaigu pastela, eta mamitsu gelditu behar zaigu. Hori frogatzeko astindu txiki bat emango diegu moldeei labe barruan: ertzak tinko eta barrua dardarati agertu behar zaigu pastela.

Hoztu eta gero, moldetik atera eta moztu egingo dugu pastela. Saltsa arrosan edo maionesan ongi bustirik jango dugu, ogi txigortuekin.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?