Osagaiak
Errezeta
Ongi xukatuko ditugu lehenik beren koipean konfitaturiko errotak. Padera zabal batean, koilarakada oparo bat ahate koipe jarri eta su gainean jarriko dugu, tipularekin batean. Gatz pixka bat eman eta gozatzen utziko dugu tipula, gorri eta xamur gelditu arte. Xukaturiko errotak erantsiko dizkiogu orduan tipulari, xerratan zatituak. Kolorea uzten utziko diegu, su eztiagoan oraingoan.
Paderatik erretiratuko dugun koipe soberakinean eta potean geratuko zitzaigun beste mordoxkan frijituko ditugu xerra loditan moztutako patatak. Uretan garbituko ditugu aurrez patata horiek, almidoia kentzearren. Azaletik kraskatsu eta barrutik mamitsu geratuko zaizkigu patatak. Xukatu egingo ditugu ondoren.
Bero egongo dira errotak eta aldiro-aldiro aterako dugu koipea paderatik. Tipula eta errotekin batean jarriko ditugu patata frijituak; biraka erabiliko ditugu jakiak ondoren, ongi nahas daitezen, eta perrexil xehatua hautseztatuko dugu guztiaren gainetik. Gatz-puntua zuzendu eta mahairako prest edukiko dugu guztia.