LEGATZA SALTSA BERDEAN TXIRLEKIN

Osagaiak

  • 4 legatz solomo, hezurrik gabe, 200 g bakoitzak
  • 2 baratxuri xister, pikatuak
  • 5 koilarakada oliba olio
  • Ximiko bat irin
  • Perrexil xehatua
  • 32 txirla handi
  • Litro laurdena arrain salda edo ur
  • Gatza

Errezeta


Olioa isuri eta su eztian jarriko dugu kazola zabal bat. Baratxuria erantsi eta, erre gabe betiere, dantzan hasi dela sumatu orduko gaineratuko dugu irina, pixar bat. Segundo batzuetan edukiko dugu eztitzen, kolorea hartzen utzi gabe. Arrain salda edo ura isuri eta minutu batean edukiko dugu guztia irakiten. Arrainari gatza eman eta saltsan ipiniko ditugu legatz solomoak, azala gora. Su ezti-eztian edukiko dugu arraina 4 bat minutuan, kazolari hara eta hona leunkiro eraginez. Solomoak azalez behera jarriko ditugu orduan, espatula batez baliatuta. Kontuz egingo dugu lan. Beste bi minutuan edukiko dugu arraina berotzen, kazola ukitu gabe. Garrantzitsua da arraina su eztian berotzea eta kazola leun erabiltzea.

Kazola sutatik atera baino une batzuk lehenago sartuko ditugu txirlak. Kazola tapatuko dugu ondoren. Ireki ahal aterako ditugu txirlak. Azkena atera eta berriro sartuko ditugu guztiak. Baten bat irekitzen ez bada, gupidarik gabe bazter dezagun. Perrexil xehatua hautseztatuko dugu gainetik. Kazola sutatik atera eta hara eta hona eraginez lodituko dugu saltsa. Gatz-puntua neurtu (txirlak kazolan onduko dira) eta berehala zerbitza dezagun.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?