Osagaiak
Errezeta
Gatza eta ura nahasiko ditugu katilu batean, ore bat egiten ariko bagina bezala, modelatzeko moduan utzi arte. Arrautzaren zuringoa erabiltzen dute batzuek uraren ordez. Mahaira ateratzeko moduko labe-erretilu baten hondoan gatz azpia prestatuko dugu ondoren, eta haren gainean utziko dugu lupia, sabelaldean mihilu adaxka lehor batzuk sartuta. Haien lurrun goxoak kutsatuko du arrainaren mamia labean erre bitartean. Mihilurik ez badaukagu, mendiko belar idorrak erabili ahal izango ditugu, gustukoen ditugunak, arrainari zapore ona emateko: erromeroa, ezkaia baita itsas belar heze-hezeak ere, galipotak ukitu ez baditu behinik behin. Arraina gatzaz estaliko dugu ondoren, haren gainean gatz-tontor bat itxuratuz, eta labean edukiko dugu 30 bat minutuan, 180º-ko tenperaturan (ongi beroa egon behar du labeak arraina sartzerako). Kalkulatu beharra dugu lupiak duen kilo bakoitzeko 20 bat minutu eman behar dituela labean.
Epe horren ostean atera eta gatzezko armazoi horretan utziko dugu lupia 5 bat minutuan, ukitu gabe. Lan nekeza dugun orain eta, harako markes hark iradoki zuen bezala, pazientzia eta trebezia handia erakutsi behar dugu, inolaz ere, jakiak mozteko artean (lasai neska-mutilak!).
Koilarakada batez hautsiko dugu gatzezko kutxa, eta kontu handiz aterako ditugu solomoak. zuri-xuri azalduko zaizkigu, itsasoaren lurrin goxoa dariela. Oliba olio gordinez oparo garaztatu eta barrura!