LUPIA XERRAK MEUNIERE ERAN

Osagaiak

  • 4 lupia domina lodi, ezkatarik eta alboko hezurrik gabe
  • Koilarakada bat oliba olio
  • Gurina, zati handi bat
  • 2 limoiren zukua
  • Perrexila, txikitua
  • Irina eta gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Gatza emango diogu arrainari, bi aldeetan. Zartagin handi batean olioa eta gurina jarri eta su eztian jarriko dugu. Gurina apar zuri bat isurtzen hasten denean, utzi pixka batean, baina kontuz, ez dadila erre. Lupia xerrak irinetan pasatuko ditugu ondoren, banan-banan, eta frijitzen jarri aurretik, arrain puskak leun astindu eta soberan duten irina kenduko diegu. Su eztian edukiko ditugu frijitzen, koipea erre ez dadin, horixe baita arrainei gainetik bota behar dieguna. 5 bat minuturen buruan, irauli â“binaka egingo ditugu, zartagina zabal samarra bada“ eta beste aldetik edukiko ditugu 4 bat minutuan, mamia hezurretik aise askatzeko moduan dagoela ikusi arte. Zartaginetik atera eta modu berberean jokatuko dugu beste bi lupia dominekin.

Arraina egindakoan “lehenengo bi lupia dominei labealdi bat eman ahal izango diegu mikrouhinetan, berotzeko“, limoi-zukua erantsiko dugu frijitzen erabilitako koipeari, eta segundo batzuez edukiko dugu saltsa sutan murrizten, zukua loditu eta itxura hartu arte. Hondoa marruskatuko dugu ondoren, zartaginean gelditutako hondarra askatzeko. Gurina erantsiko dugu gero, mutur gutxi batzuk, eta, zartaginari eragin eta gero, perrexila erruz bota eta gatz pixka bat emango dugu. Zuku mamitsu honetaz garaztatuko ditugu lupia xerrak.

Escoffier eta Teodoro Bardajiren liburuek diotenez “Parabere markesak ere gauza bera esango du seguruenik“, meuniere saltsak lurrunez egositako patata behar du aldamenean. Guk berriz “kontrakarrean beti gu“ zera diogu: nahi duen moduan jan dezala norberak meuniere saltsa, uraza nahiz tomate entsaladarekin, patata frijituekin, brokoli salteatuarekin, eta abarrekin.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?