MUSKUILUAK LURRUNEAN IREKIAK PATATA FRIJITUEKIN

Osagaiak

  • 2 Kg muskuilu
  • Litro laurdena ardo zuri
  • Kaienako pipermina, mutur bat
  • Perrexil xehatua
  • Patata frijituak, kraskatsuak

Errezeta


Ur zurrusta hotzaren azpian garbituko ditugu muskuiluak, tentu eta kontu handiz. Baztertu egingo ditugu hondaturik edo zabalik daudenak, eta bizarretatik tiraka garbituko ditugu zikinenak. Kazola tapadun batean isuriko dugu ardo zuria eta gaineratu kaiena muturra. Sutan jarri eta, isurkaria bor-bor hasi orduko, erantsiko ditugu muskuiluak. Kazola tapa dezagun ondoren. Minutu batzuen buruan erretiratuko ditugu zabaldutako muskuiluak. Perrexila gainetik hautseztatu eta hoztu aurretik jango ditugu, patata frijituekin batean.

Egoste salda arrain zopa edo arraina saltsan egiteko gordeko dugu, nahi bezala, baina ez arren bota!



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?