AHATEA ARBIEKIN GISATUA

Osagaiak

  • Ahate eder bat, puskatan egina saltsan egiteko
  • Kg erdia arbi, txikiak, xamurrak eta zurituak
  • Tipulin bat, pikatua
  • 2 tomate, pikatuak
  • 3 baratxuri ale, pikatuak
  • Galleta maria bat
  • Ezkaia, adaxka bat
  • Kanela, ezpal bat
  • Limoi azala, puska bat
  • Ura
  • Pastilla bat haragi-salda
  • Eskukada bat arbendol txigortu
  • Oliba olioa
  • Gatza eta piperbeltza

Errezeta


Kazola eder batean, oliba olioa jarri eta alde guztietatik gorrituko ditugu hartan ahate puskak, gatza eta piperbeltza emanak. Haragia kazolatik atera, koipe soberakina erretiratu eta su eztian frijitzen ipiniko ditugu tipula, tomateak eta baratxuriak, 45 bat minutuan. Orduan erantsiko dugu berriro ahateki txigortua eta, harekin batean, galleta, ezkaia, limoi azala eta kanela. Ongi nahasi eta ura isuriko dugu, pastilla saldarekin batean, gaiak estaltzeraino. Kazola estali eta xamurtzen utziko dugu ahatea bi bat orduan, hegaztia nolakoa den arabera. Gatz-puntua neurtuko dugu aldiro.

Beste gaiak irakin bitartean frijituko ditugu arbiak olio ugaritan, kolorea hartzen utzi gabe. Xukatu egingo ditugu ondoren. Ahatea gisatu baino 15 bat minutu lehenago sartuko ditugu arbiak saltsan, zuku horretan ongi busti daitezen. Beharrezkoa bada, tanta bat ardo beltz edo zuri erantsiko diogu, saltsa arintzeko. Jakia saldatsu badago, ordea, irakiten jarriko dugu su bizian, arbiak sartu aurretik, urri dadin. Kanela-ezpala, ezkai-adaxka, guztiz apurtu ez bada, eta limoi azala saltsatik atera eta, zerbitzatu baino lehentxeago, arbendolak koilarakada batzuk oliba olio birjinarekin irabiagailuan nahasi ondoan lorturiko ahia erantsiko diogu. Ongi nahasi eta mahaira.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?