Beharrezkoak
Errezeta
Arrainari ezkatak kentzeko daukagu gure bihotz eta konfiantzazko arrain-saltzailea. Txapeldunen moduan portatuko da, hau zoriona gurea! Baina kanabera arrantzale lagun horrek oparitutako pieza bati ekin behar badiogu, akabo gure arrain-saltzailearen trebetasuna, eta erantzun egin behar. Erraiak kendu aurretik kendu behar zaio arrainari ezkata, askoz errazago kenduko baititugu ezkatak tripa aldea betea badago.
Profesionalek ezkatak kentzeko labana bereziak erabiltzen dituzte, guk labana baten kontrako aho kamutsaz baliatuko gara (hobe labanak ahorik ez badu). Harraskaren hondoan edo iturriaren ondoko mahai batean eutsiko diogu arrainari, eta kontuz marruskatuko dugu haren azala, ezkatak altxatzeko, isatsetik burua aldera. Alderantziz jokatuz gero, ez dugu ezkatarik altxatuko. Kontu berezia erakutsiko dugu zakatzen ondoak, hegatsen azpiak, hezurra, sabelaldea eta isatsaldea lantzerakoan.
Ezkatak ongi kendu eta gero aterako ditugu erraiak. Guraize batzuez moztuko ditugu hegatsak, eta burua ere bereiziko dugu, hala behar badu. Arraina solomotan edo xerratan zatitu aurretik, isatsetik hartu eta uretatik pasatuko dugu; isatsetik berriro oratu eta eskubarru itxia igaroko dugu gorputz guztitik, ezkatek utzitako hutsuneetan dagoen ura erretiratzearren. Harekin batera kenduko dugu zikinkeria ere. Prest dago arraina dagoeneko.