Osagaiak
Errezeta
Arrain errea edo egosia gainetik bustitzeko, baratxuri-olioa prestatzerakoan, ozpina erantsi ohi diogu olioari, paderan irakitan dagoela. Bada, maizegi hasten zaigu olioa txinpartaka eta zipriztin-jauzika, eztandaka ez denean, eta erre egiten gara olio errearen oldar horren ondorioz. Zipriztinen zikina ez aipatzeagatik. Sukalde guztia garbitu beharra dago, holako eraso baten ondoan.
Baratxuri-olioa eskatzen den errezeta gehienetan era klasikoa gomendatzen badugu ere, beti gogoraraziko dizuegu kontu handiz aritzea.
Gainera, hona hemen arrainari azken ukitu hori emateko beste modu bat, ez horren arriskutsua. Baratxuriak oliotan irakiten dauzkagula, zuzenean eta oparo garaztatuko dugu ozpina arrainaren gainetik, entsalada bizi bat balitz bezala. Berehala erantsiko dugu baratxuri-olioa arrain guztiaren gainetik.
Erretiluaren hondoan batuko zaizkigu ozpina, baratxuri-olioa eta arrainak isuritako zukuak. Paderara bilduko ditugu berriro isurkari horiek guztiak, su ertainean arin loditzeko. Berriro txinpartaka hasi eta saltsa krema kolore zurixka hartu orduko, atera eta zuku hartaz bustiko dugu berriro arraina. Eta kitto!