GAZTA FONDUEA

Osagaiak

  • 600 g Beaufort gazta
  • 400 g ComtĂ© gazta
  • 200 g Emmental gazta
  • Baratxuri ale bat
  • Botila bat kalitatezko ardo zuri idor
  • 3 koilarakada kirsch, edo antzeko beste edari biziren bat
  • Ogi biribil txigortua, aurreko egunekoa

Errezeta


Fondue delakoa egin ahal izateko, ezinbestekoa da jaki honek mahairatzeko eskatzen duen ontzi berezia edukitzea. Bitan zatituko dugu ogi biribila, xerrak egingo ditugu hurren, eta dadoak azken. Gorde egingo ditugu geroko. Baratxuri bat bitan moztu eta puska horiekin igurtziko dugu hondo zabaleko kazola baten barrua. Ongi kutsatuko ditu baratxuriaren zukuak kazolaren paretak. Su ertainean jarri eta ardoa isuriko dugu kazolan. Irakiten hasi arte utziko dugu egosten. Orduan erantsiko ditugu, pixkana-pixkana, gaztak, dadotan moztuak eta azalik gabe. Bira erabiliko ditugu etengabe zurezko zali edo koilara batez, egoki urtzeko. 15 minutu beharko dira gutxienez, su ertainean baina gelditu gabe, beti bat, gaztak egoki urtu eta ore horixka homogeneo bat itxuratzeko. Gatza eta piperbeltza erantsiko ditugu ondoren, geure gustuko utzi arte. Kirscha edo edari bizia gaineratuko dugu azkenik.

Fondue-ontzian isuriko dugu gazta (mahaiaren erdian ipiniko dugu ontzi berezi hau), eta alkohol-erregailu neurgarri bat egokituko dugu haren azpian, fondue-ontzia epel egon dadin beti.

Ogi dadoak fonduerako erabiltzen diren bi hortzeko sardexkaz ziztatu, heldu eta gaztatan murgilduko ditugu, ongi busti daitezen. Entsalada berde batez eta patata egosiez lagunduko diogu ogi gaztadunari. Afariak aurrera egin ahalean, lodituz joango da gazta edo lodiera galduko du beharbada. Zurezko zaliaz bira batzuk eman eta berriro batuko zaigu gazta-nahastura.

Koipe txigortuzko azal bat gelditu ohi da fondue-ontziaren hondoan: sardexka batez bereizi eta hau gozamena!



Iruzkinak

Idiazabal gaztarekin zapore indartsuagoa.

MARIA JESUS ASTONDOA OLIVARES @ 2023-02-20 19:35:33

Zer iruditu? Ondo atera zaizu?