HANBURGESAK

Osagaiak

  • Kg bat haragi xehatu, hainbat motatakoa: txerria, txahala eta behia
  • 2 arrautza gorringo
  • Perrexil xehatua
  • Ogi mamia, puska eder bat, esnetan beratua eta ondoren xukatua
  • 2 tipula ertain, pikatuak
  • Oliba olioa, tipulak gorritzeko
  • Gatza eta piperbeltza

Errezeta


Tipula pikatua gorrituko dugu lehenik padera batean, gatz pixar batekin. Gorri eta xamur gelditu arte. Xukatu egingo dugu ondoren.

Gopor edo ontzi batean ipiniko ditugu gainerako osagaiak, eta haien gainean erantsiko ditugu tipula potxatuak. Gatza eta piperbeltza emango dugu ondoren, oparo. Eskuz oratuko ditugu gaiak (eskuak garbi ditugula, noski). Gatz-puntua neurtzeko, haragia gordinik dastatzeak nazka ematen badigu, hurraren neurriko bolatxo bat sartuko dugu mikrouhinetan eta segundo batzutan egosten eduki ondoren dastatuko dugu, gatz-puntua egokia den jakiteko.

Eskuaren barruaz itxuratuko ditugu hanburgesak; ogi birrindua axaletik eman eta kaxa hermetiko batean gordeko ditugu, berehala maneatu behar ez baditugu. Jaterakoan frijituko ditugu, padera bero batean eta oliba olio pixar batekin. Tomate saltsarekin edo ziapearekin mahairatuko ditugu.

Frijitu eta gero, tipula saltsa batean edo soberan geratu zaigun haragi saltsa batean murgildu ahal izango ditugu era berean. Sutan edukiko dugu une batzuetan gozatzen, xamur eta melatsu egon daitezen. Etxeko hanburgesak etxeko saltsetan.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?