Osagaiak
Errezeta
Hona hemen zer egin, patatak frijitu eta kurruskari uzteko. zuritu eta xerratan edo zerrendatan (nahi bezala) moztu ondoren, uretan garbituko ditugu almidoia kentzeko; halatan, frijitzen ditugunean ez dira itsatsiko edo hautsiko, eta solte geratuko zaizkigu. Uretan ongi garbitu eta gero, xukatu eta lehortuko ditugu patatak.
Olio ugari duen paderan sartu (estali egingo ditu olioak patatak) eta, baratxuri ale bat, osorik eta zuritu gabe, erantsi ondoan, su eztian edukiko ditugu patatak egosten 20 bat minutuan (bor-bor arinean azalduko da olioa). Ez ditugu patatak irauliko, ez espatulaz edo beste tresnaren batez ukituko, hauts ez daitezen. Sua biziagotuko dugu denbora aurrera joan ahala, patatak, ordurako xamurtzen hasiak, gorritzen eta frijitzen has daitezen. Orduan bai, orduan irauli ahal izango ditugu patatak, alde guztietatik ongi frijitzeko. Gorritu orduko aterako ditugu sutatik; xukatu eta gatza emango diegu (gatz larria eta gatz mehea, nahasirik). Berehala zerbitzatuko ditugu.