PITA OGIA NOLA BEROTU, OGITARTEKOAK EGITEKO

Osagaiak

  • Ogi arabiarra

Errezeta


Ogi arabiarra legamiarik eta mamirik gabeko opil mota bat da, gaur egun zailtasunik gabe aurkitzen duguna supermerkatu handietan, erosi, berotu eta segituan jateko. Aurrez egosiak egoten dira, eta hutsean ontziratuak edo egurats kontrolatuko poltsetan sartuak, lehor ez daitezen. Kontua zera da: labea piztu beharrik ez izateko, argirik gastatu ez eta gutxiago zikintzeko, txigortzailea erabil dezakegula. Binaka jarri txigorgailuan eta berotu daitezela, ongi txigortu arte.

Ogia liburu bat balitz bezala ireki behar da. Labanarekin ebaki bat egin eta, barrenetik aterako den lurrunaz ez erretzeko kontuz ibiliz, irekitakoan nahi ditugun zerrikeria goxo horiekin bete. Gainera, berotan xamurrago eta beratzago geldituko da sartzen duguna: kakao krema, gazta freskoa, filadelfia gazta, izokin ketua gurinarekin, tomatea eta urdaiazpiko iberiarra, hirugiharra edo urdaia…

Ogi honekin ogitarteko begetala egin nahi badugu, pixka bat epeltzen utzi beharko. Bestela, letxuga edo eskarola hostoak zimeldu egingo dira, penagarri, eta maionesa ere ez egoki.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?