Osagaiak
Errezeta
Zurtoina moztu eta uretan garbituko ditugu alberjiniak. Ez da beharrezkoa zuritzea, oso mamitsuak geratzen dira azala eta guzti. Dado handitan moztuko ditugu, maneatzerakoan dezente urrituko baitira. Kazola zabal batean olioa isuri eta, su eztian jarri ondoren, tipulina erantsiko dugu. Bira batzuk eman eta ongi maneatzen utziko dugu, kolorea hartzen utzi gabe. Gatz pixka bat emango dugu gero. Bitartean, baratxuri osoak salteatuko ditugu olio tanta batean, gorri daitezen: erretilu txiki batean jarri eta labean berotuko ditugu ondoren 20 bat minutuan, 180º-ko tenperaturan. Alberjinia dadoak tipulinera erantsi eta ezti-ezti egiten utziko ditugu, su ertainean, gorritu bitartean urri daitezen. Kazola estalirik edukiko dugu lehen minutuetan, tenperatura har dezan, eta estalkia erretiratuko dugu gaiak maneatzen hasi direneko, barazkiaren zukua lurrin dadin. 25 minutuan edukiko dugu horrela.
Baratxuriak labetik atera eta kontu handiz zurituko ditugu. Xamur eta goxo egongo dira.
Azkenean, tomate saltsa isuriko dugu alberjiniaren gainean eta, biraka erabili ondoren, osorik erantsiko ditugu baratxuriak. Gatz -puntua neurtu, zuzendu eta mahairako prest egongo dira orduan alberjiniak.