ALBERJINIA IRIN-ARRAUTZEZTATUAK

Osagaiak

  • 5 alberjinia eder
  • 5 baratxuri ale, osoak eta zuritu gabe
  • Irina eta arrautza joa
  • Olioa frijitzeko
  • Gatza

Errezeta


Zurtoina moztu eta uretan garbituko ditugu alberjiniak. Ez da beharrezkoa zuritzea, oso mamitsuak geratzen dira azala eta guzti. Labana zorrotz batez, zeharka moztuko ditugu alberjiniak cm bateko lodierako xerrak eginez, eta gatza emango diegu ondoren guztiei.

Olio ugari isuriko dugu padera batean, alberjiniak frijitzeko. Osorik sartuko ditugu baratxuriak eta 10 bat minutuan edukiko ditugu olio hartan su eztian, zaporea utz dezaten. Sua bizituko dugu epe horren ondoan, baina olioa erretzen utzi gabe. Alberjinia xerrak irinetan azaletik irago eta arrautzetan murgilduko ditugu xamur ondoren. Olio beroan jarriko ditugu gero, egoki frijitzeko.

Xukatu, eduki litzaketen bizarrak kendu eta egin berri daudela jango ditugu, allioli batekin adibidez.

Bada, irin-arrautzetan irago eta frijitu aurretik, alberjinia xerrak esnetan edukitzen dituenik. Proba egin eta erabaki nola dituzuen gogokoen.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?