ALBERJINIA KABIARRA

Osagaiak

  • 6 alberjinia
  • 10 koilarakada oliba olio
  • Azukrea, ximiko bat
  • 6 baratxuri ale, zuritu gabe
  • Gatza
  • Tipulin erdia, pikatua
  • Perrexila, xehatua

Errezeta


Sardexka baten hortzekin zulatuko ditugu alberjiniak eta labeko erretilu batean ipiniko ditugu ondoren. Gatza, azukrea eta baratxuriak gainetik hautseztatu eta gero, 6 koilarakada oliba olio isuriko dugu hain gainetik eta 200º-ko tenperaturan edukiko ditugu ondoren labean, 40 bat minutuan. Denbora-tarte hori igaro eta gero, zuritu eta mintz beltz hori gabe utziko ditugu alberjiniak: erretako mamia baizik ez dugu erreserbatuko. zuritu ere egingo ditugu baratxuriak. Alberjiniak eta baratxuriak pikatuko ditugu, labana batez, oso puska finetan.

Kazola txiki batean, geratu zaizkigun olio koilarakadak ipini eta su eztian gozatuko dugu olio hartan tipulina, kolorea hartzen utzi gabe. Alberjinia eta baratxuri erreak gaineratu ondoren, ordu erdian utziko dugu guztia su ezti-eztian gozatzen. Gatza eman eta hozten utziko dugu ondoren guztia. Hoztu, gatz puntua neurtu, behar badu zuzendu eta perrexil xehatua erantsiko dugu.

Kabiarra kopuru handi bat egin dezakegu eta ongi itxitako poteetan kontserbatu, hozkailuan, eta oliba olioz estalia. Ogi txigortuan igurtzia, uraza edo tomate entsaladari, edo egositako pastari, edo tomate saltsari, edo ahuntz-gazta on bati koilarakada bat erantsita, hornidura gustagarria eta merkea da inolaz ere.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?