ATUN, ANTXOA ETA PIPERMIN OGITARTEKOA

Osagaiak

  • Opil eder bat, bitan irekia
  • Lata txiki bat atun oliotan, ongi xukatua
  • Xorta bat oliba olio birjina
  • 6 antxoa, gatzetan onduak
  • 8 pipermin ertain, ozpinetan onduak eta txortenik gabe

Errezeta


Euskal Herrian beste inork ez bezala prestatzen dute ogitarteko hau Migeltxok, Pilik eta Josunek, Donostiako Gros auzoko, Bodega Donostiarra tabernako arduradunek. Berek egina ez bada, nolabaiteko hurbilketa izango da beste edozeinek eginiko ogitartekoa. Milioika eginak dituzte honez gero!

Bitan irekiko dugu ogia. Atuna ongi xukatu eta sardexka baten hortzez papurtuko dugu, finago izan dadin. Xorta bat oliba olio isuriko dugu haren gainetik, batzeko. Opil erdi batean zabalduko dugu atuna, eta haren gainean ipiniko ditugu antxoa xerrak eta piperminak. Opil erdiak batu, ongi estutu, mamiak zukuak har ditzan eta, bide batez, gure eskuak ongi koipezta daitezen, eta barrura ogitartekoa!

Mokofinenek, Migeltxok dioen bezala, beste gairik erantsi aurretik opilaren barrua maionesa lodi batez igurztea eskatzen dute. Ahal eta nahi bezala joka dezagun, neska-mutilok!



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?