ORBURU EGOSIAK GATZOZPINETAN

Osagaiak

  • 24 orburu egosi
  • 2 tomate heldu
  • Uraza garbi bat
  • Ahuntz-gazta txiki bat
  • 10 koilarakada oliba olio birjina estra
  • 4 koilarakada baltsamo, sagardo edo xerez ozpin
  • Gatza eta piperbeltz eho berria
  • Oliba olio birjina estra
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Uraza garbitu, uretan araztu eta xukatu. Tomateak zuritu eta xerra finetan moztu. Gopor edo katilu handi batean, ozpina isuri eta piperbeltza eta gatza ugari erantsi. Koilara batez nahasi eta oliba olio birjina estra isuri. Horra ozpin-olioa. Dadotan edo zerra mehetan moztuko dugu ondoren ahuntz-gazta, eta xerra mehetan orburuak, ongi zorrozturiko labana batez baliatuz.

Entsalada-ontzi edo plater batean, ozpin-olioaren erdia isuriko dugu hondoan. Uraza erantsi eta eskuez edo mahai-tresna batzuetaz nahasiko dugu guztia, ongi igurtzi arteraino. Tomatea ipiniko dugu gainean eta ozpin-olioaren beste erdiaz igurtziko dugu. Tomatearen gainean zabalduko ditugu orburu xerrak, gazta-dado eta xerrekin tartekaturik, eta oliba olio birjinaz igurtziko ditugu. Entsaladaren gainean, ehogailuari hainbat aldiz eraginez, ehoko dugu piperbeltza, eta mahairako prest edukiko dugu ondoren. Entsalada geruzatan antolatu dugunez, ez dugu nahasi beharrik izango. Zerbitzatu eta ogi txigortuez gozatu ahal izango dugu entsalada.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?