ONDDO TARTA

Osagaiak

  • Tarta molde bat, labean berotutako masa hautsiaz edo hostore masaz estalia
  • 2 tipula ertain, xerratan moztuak
  • Baratxuri ale bat, txikitua
  • Perrexil xehatua
  • Kilo bat onddo
  • 4 koilarakada oliba olio
  • Gatza

Errezeta


Onddoak garbituko ditugu aurrena. Txapelak gorde eta zurtoinekin xerrak egingo ditugu. Zurtoin xerrak salteatu, kazola batean, 2 koilarakada oliotan, su bizian, pixka bat gorritzen diren arte. Gatza eman eta geroko gorde. Kazola berean gainerako oliba olioa, baratxuria eta tipula erantsi, eta su ez oso bizian jarri. Gazitu. Frijitu dadila dena poliki-poliki, barazkia ongi egina dagoen arte, hau da, aski murriztua eta belztua gelditzen zaigun arte. Belzteko, azkeneko momentuan, sua bizitu. Karamelu itxura hartuko du. Guztira ordubete behar dugu denerako. Orduan, aldez aurretik salteatu ditugun onddo zurtoinak gehitu, perrexilarekin. Ongi nahasiko dugu. Epeltzen utzi gero.

Orduan, onddoak eta tipula labean berotutako moldean sartu. Sukaldeko ohol batean, labana zorrotz batekin, onddoen txapelak zentimetro bateko xerratan moztuko ditugu, ongi gazitu eta oliba olio gordin pixka batekin busti. Txapelen xerrak luze-luze paratuko ditugu tipularen gainean, sagar tartan egiten dugun bezala, onddo xerrak sagar puskak balira bezala, hau da, hutsunerik utzi gabe. Nahi baduzue, horrelaxe sartuko dugu tarta labera, edo, nahiago izanez gero, baso txiki bat esnegain likido erantsiko diogu gainetik tartari. Bakoitzak nahi duen bezala.

200 graduan eduki tarta labean, 15-20 minutuz, tarta azala pixka bat txigortzen den arte. Oliba olioaz maneatutako entsalada berdearekin eta gazta onduaren xerra fin-fin batzuekin zoragarri.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?