GERNIKAKO PIPERRAK TENPURAN

Osagaiak

  • 400 g Gernikako piper fresko eta erdi neurriko
  • 150 g irin
  • Ura, litro laurdena
  • Azukrea, ximiko bat
  • Okindegiko legamia prentsatua, 15 g
  • Gatza, koilarakada erdia
  • Oliba edo eguzki-lore olioa, frijitzeko

Errezeta


Irina, gatza, azukrea eta legamia gopor batean jarri eta hatz muturrekin txikituko dugu guztia. Ura erantsiko dugu orduan, epel betiere, 30º-tan ez beroago, legamia honda ez dakigun. Koilara batez edo sukaldeko ziri batez baliaturik, erabat zurrupatu arte erantsiko dugu ura, pixkana-pixkana erantsi ere, pikorrik ez dadin egin. Goporra zatar batez estali eta ordu erdian utziko dugu pausatzen, leku epel batean, garbigailuaren gelan esate baterako.

Orea jaiki eta burbuilak eragiten hasi dela ikusiko dugu. Piperrak garbituko ditugu orduan, ur ugaritan, eta zatar batez lehortuko ditugu ondoren. Zuztarretik banan-banan hartu eta tenpuraren orean barneratuko ditugu, askatu gabe eta sartu-irten bizkor bat eginez, eta paderan edukiko dugun olio beroan utziko ditugu ondoren. Hala jokatuko dugu piper guztiekin. Ondoren, ongi xukatu eta kraskatsu jango ditugu plazer handiz.

Romesco saltsa, allioli saltsa edo tomate saltsa hotz on baten ondoan zerbitzatu ahal izango ditugu orburuak, hartan bustitzeko aukera emanez.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?