PIKILLO PIPERRAK TXANGURRUZ BETEAK

Osagaiak

  • Txangurrua Donostiako eran, hiru kilo laurden
  • 15 koilarakada bexamel, ongi egina
  • Pikillo piperrak, 2 pote
  • Baratxuri-buru bat
  • Oliba olioa
  • Irina eta arrautza irabiatua
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Poteak ireki eta piperrek duten salda kendu. Zartagin handi batean jarri, hondoa ongi estaltzen dutela, baratxuri-buruaren ale libratuekin; aleak azal eta guzti, eta oliba olioz estalirik.

Su eztira hurbildu olioari burbuila zantzuak agertu arte, eta betiere sua ezti-ezti dagoela kontrolatuz. Horrela eduki ordu eta erdiz gutxi gorabehera, eta jiratu tarteka piperrak bi sardexkaz baliatuz, ziztatu gabe, bi aldeak konfita daitezen. Piperrek olioa uherrarazten dutela ikusiko dugu, eta konfitatu ahala gainaldeetan zuku karamelatuaren arrasto batzuk biltzen zaizkiela, eta olio garbituz doala pixkanaka. Orduan atera behar dira. Kontu handiz xukatu, ez puskatzeko, egindakoan oso erraz puskatzen baitira. Olioa gorde, beste batean piperrak konfitatzeko edo frijitzeko. Utzi hozten. Betegarria prestatu, piperrak konfitatzen diren bitartean.

Txangurroa berotzen jarri eta poliki irakinarazi, zuku guztia lurruntzeko, lehor samar utzi behar baita. Orduan gehitu, bat egiteko, bexamela. Gatz puntua zuzendu.Kontu handiz, piperrak epeldu direnean eskuetan erabiltzeko moduan egongo baitira, betegarri hotzaz bete, horrela erosoago lan egin baitaiteke.

Denak bete ditugunean arrautza-irinetan pasatu eta frijitu olio bero-beroan, eta xuka-paperean olio gehiegizkoa kendu. Horrelaxe jan ditzakegu edo tomate saltsa mehe batean edo txangurroen azalekin egindako saltsa amerikar batean sartu. Baina hori beste kontu bat da.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?