Osagaiak
Errezeta
Poteak ireki eta piperrek duten salda kendu. Zartagin handi batean jarri, hondoa ongi estaltzen dutela, baratxuri-buruaren ale libratuekin; aleak azal eta guzti, eta oliba olioz estalirik.
Su eztira hurbildu olioari burbuila zantzuak agertu arte, eta betiere sua ezti-ezti dagoela kontrolatuz. Horrela eduki ordu eta erdiz gutxi gorabehera, eta jiratu tarteka piperrak bi sardexkaz baliatuz, ziztatu gabe, bi aldeak konfita daitezen. Piperrek olioa uherrarazten dutela ikusiko dugu, eta konfitatu ahala gainaldeetan zuku karamelatuaren arrasto batzuk biltzen zaizkiela, Eta olioa garbituz doala pixkanaka. Orduan atera behar dira. Kontu handiz xukatu, ez puskatzeko, egindakoan oso erraz puskatzen baitira. Olioa gorde, beste batean piperrak konfitatzeko edo patatak frijitzeko. Utzi hozten.
Zartagin batean lehen erabilitako olio pixka bat jarri, eta jarri han piper berdeak, tipulina eta baratxuri xehatua eztiki frijitzen, gatz pixka bat emanda. Su eztian egiten utzi 30 minutuz, eta pixka bat gorritzen hasten utzi. Bitartean, zankarra xukaderan eduki, gero izpitu eskuekin, haritan edo puska txikitan.
Barazkia egindakoan, olioa kendu, berriro kazolan jarri eta zankar izpitua gehitu. Bat egin dadila, pixka bat eraginez, eta poliki irakiten eduki, isurtzen duen zukua murriztu arte. Gatz-puntua zuzendu. Hor dugu piperren betegarria.
Orduan, piperrak bete, kontuz, hautsi edo leherrarazi gabe. Horrelaxe uztea daukagu eta beroturik tomate saltsarekin mikrouhinen labean edo betiko labean salteatu edo arrautza-irinetan pasatu eta oliba olio bero-beroan frijitu. Eta gero, betiere, tomate saltsa beroan sartu.
Lehen aukera arin eta eramangarriagoa da, apika platerean zerbitzatzeko egokiagoa. Eta bigarrena, berriz, kaxuela tankerakoagoa da; gainera, piperrak arrautza-irinetan eginez gero, sendoago geldituko dira, eta betegarriak ez die nolanahi ihes egingo. Batera nahiz bestera, mahaira.