VICHYSSOISE , PORRU ETA PATATA ZOPA HOTZA

Osagaiak

  • Patata zurituak eta xerra mehetan zatituak, kilo erdia
  • 2 porruren alde zuria, garbituta eta patatak bezalatsu zatituta
  • Gurin koilarakada eder bat
  • Gatz zimiko bat
  • Ura, litro 1/2 bat
  • Esnegain likidoa, litro erdi bat

Errezeta


Eltze handi batean gurina eta porruak jarri eta hurbildu su eztira. Gatz pixka bat eman eta ezari-ezarian egiten utzi, porrua samurtu eta egin arte, baina gorritu gabe.

Ura eta patatak bota gainera eta eduki egosten, patata egin arte, 20 minutuz edo. Sartu dena irabiagailu baten ontzian edo irabiagailuaren besoa sartu eltzean, bakoitzak nahi duen eran, eta indar handienean abiarazi, krema fin-fin bat lortu arte. Hoztu.

Erabat hoztu denean, esnegain likidoa gehitu ”oso hotza hori ere”, eta nahasi ongi. Gatz puntua zuzendu, beste gatz pixka bat gehituz edo are piperbeltz eho berria, eta prest dago.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?