SAGAR ENPANADATXOAK

Osagaiak

  • 20 disko ore, enpanadatxoak egiteko
  • 6 golden sagar, zurituak, zuztarra kendu eta dado txikietan zatituak
  • Limoi baten zukua
  • Gurina, intxaur eder baten neurriko zatia
  • Azukre koilarakada bat
  • Arrautza, joa

Errezeta


Azukrea padera batean ipini, eta su eztian jarriko dugu karamelu bihur dadin, baina erre gabe betiere. Gorritu dela ikustean, gurina erantsi eta utziko dugu urtzen. Sagarrak erantsiko ditugu ondoren, oso dado txikietan zatituak. Egosten utziko ditugu sagarrak, su bizian, kolore gorria hartu arte. 20 bat minutu beharko ditugu horretarako. Konpota sutatik atera baino 5 minutu lehenago erantsiko dugu limoi zukua. Hozten utziko dugu ondoren sagar betegarria.

Mahai gainean luzatuko ditugu enpanadatxoak egiteko disko oreak, eta koilarakada eder bana betegarri ipiniko diegu barnean. Jotako arrautzaz margotuko dugu ertz osoa, eta sardexka baten hortzekin itxi egingo ditugu diskoak, ilargi erdiak balira bezala. Ongi estali eta hozkailuan pausatzen utziko ditugu enpanadatxoak.

Bi gauza egin ditzakegu ondoren. Koipe gutxiago izan dezaten, arrautzaz erabat margotu eta labean erre ditzakegu 200º-ko tenperaturan, 15 bat minutuan, gainazala gorri geratu arte, edo betiko moduan egin ditzakegu bestela, olio bero ugarian frijitu eta ongi xukatu. Zerbitzatzerakoan azukrea eta kanela-hautsa hautseztatuko ditugu gainetik, eta bikain geldituko dira benetan.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?