KETCHUP ETXEAN EGINA

Osagaiak

  • Tomate heldu-helduak, 2 kg
  • 3 tipula eder, txiki-txiki eginda
  • 2 baratxuri ale
  • Oliba olioa
  • 3 koilarakada azukre
  • Sagardo-ozpina, 5 koilarakada
  • Koilarakada handi bat ezti
  • 2 kumino pikor
  • 2 piperbeltz pikor
  • Iltze usaintsu bat
  • 100 g gurin
  • Gatza

Errezeta


Kazola batean, azukrea eta eztia jarriko ditugu, su motelean, karamelu itxura har dezan, baina erre gabe. Orduan, agudo, ozpina gehitu; pixka batean lurrundu dadin utzi eta ongailuak eta gurina erantsiko ditugu. Berandu gabe, hondoan itsatsi eta erre ez dadin, tipula xehatua eta baratxuria sartu, baita oliba olioa ere, zorrotada polit bat. Gatza eman eta su motelean utziko dugu oraingoan, tipula eta baratxuria 45 bat minutuz axaletik frijitu daitezen. Denbora pixka bat pasatuta, tomate helduak bota, garbitu eta zatitu ondoren. Egos daitezela, oso mantso, su motelean, pare bat orduz edo ur gehiena lurrundu eta murriztu arte. Gazitu eta, sobera garratz baldin badago, azukre edo ezti pittin bat gehitu. Horrela utz genezake, naturala, edo pure-egitekotik pasatu finago geldi dadin, baina orduan berriz irakiten eduki beharko genuke lehengo kolore gorria hartzeko berriz.

Gure seme-alabek hanburgesekin poteko ketchupa ez baizik eta guk egindakoa jartzen badute, askoz ere argiago, altuago eta politagoak izango dira.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?