MAIONESA ZIAPEAREKIN

Osagaiak

  • Oliba olioa, litro erdia inguru
  • 4 arrautza gorringo
  • 3 koilarakada sagardo-ozpin
  • 2 koilarakada bete ale-ziape edo ziape min, gustuen arabera
  • Gatza, ximiko bat

Errezeta


Munduko saltsa hotz zabalduena da maionesa. Jaki askoren komodina da eta aurpegia alaitzen die itsaskiei, entsaladei, barazki egosiei, eta abarrei. Maionesa leundu nahi izanez gero, olio xuabeagoak erabili behar ditugu, eta oliba olioa eguzki-olioarekin nahasi ahal izango ditugu, esate baterako. Ozpinaren ordez limoia erabili ahal izango dugu, edo biak batera bideratu. Soja saltsa ere erantsi ahal izango dugu, ximiko bat. Nolanahi ere, hona hemen nola egin:

Gopor batean, ozpina, ziapea eta gatza sartuko ditugu. Arrautza gorringoak erantsi eta indar betean eragingo diogu irabiagailu baten besoari. Soja saltsa gaineratu nahi badugu, hau da momentua. Oliba olioa hasiko gar orduan isurtzen, hari mehe-mehean, irabiagailua goratzen eta beheratzen ari garen bitartean. Arian-arian ikusiko dugu saltsa loditzen eta egoki batzen hasia dela. Gatz-puntua neurtu eta, behar badu, zuzendu egingo dugu.

Garrantzitsua da turmixari etengabe eragitea, maionesa ez mintzeko. Minduz gero, badago erremedio bat. Goporrean bi koilarakada ur bero jarri eta, irabiatzeko hagaxka batzuen bitartez, minduriko orea joko dugu ari eta ari, etengabe, maionesa loditzen eta berriro itxuratzen hasi arte. Garrantzitsua da maionesa pixkana-pixkana egitea.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?