Osagaiak
Errezeta
Tomateak eta baratxuri-burua erretilu batean jarri. Labean sartuko ditugu 200 graduan, tomateak eta baratxuri-burua ongi erreta dauden arte. Atera eta epeltzen utziko ditugu. Beste alde batetik, piper txorizeroak beratzen utziko ditugu, ur epelean, ordu pare batez. Denbora askorik ez badugu, agudoago bukatzeko, beratzen utzi beharrean uretan irakinaldi laster bat eman piperrei eta horrelaxe utzi, aparte beratzen, 15 minutuz. Ez da berdin-berdin, baina tira, balioko digu. Denbora hori pasatuta, eta mamia bigun dagoenean, labana edo koilara baten laguntzarekin, piperrei mamia atera, bitan ireki, eta haziak eta azala kendu.
Baratxuri-burua bi puskatan moztuko dugu, erditik, eta behatzekin estutuko ditugu baratxuri errearen mamia ateratzeko. Tomateak zuritu eta pipitak eta txortena kenduko dizkiegu. Sobran duen ura kendu eta irabiagailuaren ontzian sartuko ditugu ogi txigortuarekin, baratxuri errearen mamiarekin, piper txorizeroen mamiarekin eta hurrekin. Indar bete-betean irabiatu, eta, pure bihurtua dagoenean, Xerezko ozpina eta oliba olio birjina gehitu, zurrusta fin-finean, poliki-poliki emultsio ona egin dadin. Irabiatzen segitu minutu batez eta iragazkitik pasarazi. Saltsa hau gopor batean gordeko dugu, ongi estalita.