SALTSA ARROSA

Osagaiak

  • Oliba olioa, hiru litro laurden inguru
  • 4 arrautza gorringo
  • 3 koilarakada sagardo-ozpin
  • Gatz pixka bat
  • Laranja zuku pixka bat
  • Koilarakada bat ketchup saltsa
  • Koilarakada bat ziape
  • Tomate frijituaren saltsa, 2 koilarakada
  • Soja saltsa, tanta batzuk

Errezeta


Saltsa arrosa zernahirekin erabiltzeko moduko saltsa da. Maionesaren aldaera da. Maionesa ez bada ona, hortaz, saltsa arrosa ere ez. Plater askoren lagungarria izan daiteke, egokia itsaskiekin, entsaladekin, barazki egosiekin, ogitartekoetan, sandwichetan...

Leunago nahi badugu saltsa, oso olio xuabeak erabili beharko ditugu, ekilore olioa nahasiz oliba olioari, edo ekilore olio hutsa erabiliz. Limoi-ura ere erabil genezake, ozpinaren parte baten edo ozpin guztiaren ordez. Nolanahi eginda ere, hauxe da prozedura:

Gopor batean ozpina, gatza, ziapea eta soja saltsa sartu. Arrautza gorringoak gehitu eta irabiagailuaren beso batekin nahasi, indar bete-betean. Orduan, olio hari fin bat isurtzen joango gara, irabiagailua gora eta behera mugitzen dugun bitartean. Gutxika-gutxika egingo dugu, harik eta saltsa loditzen hasten dela ikusten dugun arte, itxuratu arte. Garrantzi handikoa da irabiatzeari ez uztea istant batean ere, maionesa moztu ez dadin. Mozten bada, badugu konponbidea halere. Gopor batean bi koilarakada ur bero jarri eta irabiatzeko hegaxka batzuekin nahasten joan lehenago moztu zaigun maionesa, irabiatzeari utzi gabe. Ikusiko duzu: berriz harrotu eta lodituko da. Pixkana-pixkana egin, eta behar bezain lodia gelditu dadila.

Maionesa harrotutakoan, orduantxe egingo diogu eraldaketa. Zukua, ketchupa eta tomate saltsa gehitu. Ongi nahasi eta gatzik behar ote duen begiratu. Gatz gehixeago edo zuku gehixeago eman, behar duena, gure gustuko bihurtu arte. Erabili baino lehen, hozkailuan gorde, freskatzeko.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?