Osagaiak
Errezeta
Eltze bat jarriko dugu sutan, su ez oso bizian, eta ipurdia berotu arte utziko dugu. Gero bereizi dugun azukrearen laurdena sartu eta urtzen hasiko da, beroaren eraginez likido bihurtzen. Orduan beste laurden bat gehitu, eta horrela segituko dugu azukre guztia likido bihurtu arte, karamelu itxura hartzen eta gorritzen hasi arte. Horrela egingo dugu, pixkana-pixkana gehituz, azukre pikorrik egin ez dadin, bestela gero zaila izaten baita benetan pikor madarikatu horiek desegitea. Hobe, hortaz, poliki egitea.
Karamelua ongi gorritua dagoenean, esnegain likidoa gehituko dugu, litro erdia, eta segundo batzuez utziko dugu irakiten, karamelua ongi nahasteko eta saltsa itxura hartzeko denbora juxtua.
Sutatik baztertu eta gopor batean paratuko dugu saltsa. Nahastura hoztu denean, koilarakada batzuk esnegain likido gehitu eta pixka bat eragingo diogu. Oso lodi dagoela ikusiz gero, esnegain gehiago gehituko dugu saltsak nahi dugun dentsitatea izan arte.