TIPULA POTXATUA MAHASPASEKIN

Osagaiak

  • 2 kg tipula, zerrenda mehetan moztua
  • 15 koilarakada oliba olio
  • Gatza
  • 10 koilarakada mahaspasa, xukatuak, xamurrak eta hazirik gabe, eta uretan edo, hobe, moskatel edo ardo goxoan beratuak
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Oliba olioa eta tipula pikatua ipiniko ditugu kazola zabal batean. Su bizian jarriko dugu ondoren kazola, zurezko zaliari eragiteari utzi gabe. Gatz pixarra emango diogu ondoren. Tapatu egingo dugu ondoren kazola. Kontuz ariko gara, hondoak tipulari heldu ez diezaion, karamelatu eta arian-arian ilunduz joatea baita gure helburu. 35 bat minutuan ariko gara gisa honetan. Haien ostean, sua apaldu eta, kazola estalita betiere, ezti-ezti edukiko dugu tipula gozatzen, tipula gero eta gorriago, gero eta ilunago, gera dadin. Beste 90 minutuan edukiko dugu gisa horretan. Taparik gabe edukiko dugu azken 20 minutuetan, ontziaren hondora bildutako zukua lurrun dadin.

Epe honen ondoan erantsiko ditugu mahaspasak. Gaiak ongi nahasi eta 5 bat minutuan utziko dugu egosten guztia, mahaspasak tipularen zukuan ongi busti daitezen. Gatz pixka bat erants dezagun, behar izanez gero.

Hornidura oso mamitsua da tipula hau pate bati laguntzeko, esate baterako, edo pasta egosia edo arroz zuri egosia hartan salteatzeko. Bakailao edo haragi egosi pixarrak ere erants dakizkioke: betegarri bikainak edukiko ditugu horrela enpanadak edo enpanadatxoak egiteko.

Hozkailuan, pote hermetiko batean ongi itxita edukiz gero, behar izatean erabili ahal izango dugu.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?