ARKUME HANKAK SALTSAN

Osagaiak

  • 24 arkume-hanka, zuri-zuriak
  • 30 baratxuri ale, zuritu gabe
  • Porru bat, pikatua
  • Tipulin bat, pikatua
  • Litro erdia ardo beltz
  • Oliba olioa
  • Ura
  • Irina eta arrautza joa
  • Gatza

Errezeta


Gatza eman eta, kazola batean oliba olio xorta bat isuri ondoan, alde guztietatik gorrituko ditugu hartan arkume hankak. Erne olio-zipriztinekin! Ongi txigortuta utziko ditugu.

Arkume hankak atera, koipe soberakina erretiratu eta baratxuriak, porrua eta tipulina jarriko ditugu kazolan. Barazkiak ongi potxatu eta berriro sartuko ditugu arkume hanka gorrituak. Irauli batzuk eman eta ardoa isuriko dugu ondoren. Urritzen utziko dugu guztiz. Ur beroaz estaliko dugu hurren guztia, 3 hatz gainetik. Gatz pixka bat eman eta kazola estalia utziko dugu guztia egosten bi ordu eta erdiz, erdi irakinean. Kazola ez da ur eskas geldituko gaiak estaliko ditu beti eta lurrindu ahala berritu beharko da. Xamur daudelarik, kazolatik aterako ditugu arkume hankak.

Egosi diren salda iragaziko dugu ondoren, eta kazola garbi batean jarriko dugu ezti-ezti irakiten. Beren epelean utziko ditugu hankak eta, kontu handiz ez hausteko, saiatuko gara hezur eta kartilago guztiak banan-banan kentzen, bat bakarrik ere geldituko ez den arte, hanka itxura gorderik beti ere. Hezurgabetu ahala, irin-arrautzatan pasa eta oliba olio ugaritan frijituko ditugu, ongi gorritu arte. Xukatu eta beren zukuan sartuko ditugu ondoren arkume hankak, gelatina aska dezaten eta saltsa lodituz joan dadin. Gatz-puntua neurtu eta zuzenduko dugu gero.

Jan aurretik, komenigarria da hozten uztea, pausa daitezen, eta ordu batzuk, edo egun bat edo bi, irago direnean berotuko ditugu berriz. Alde handi dute.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?