TXERRI AZTAL EGOSIA

Osagaiak

  • 2 txerri aztal eder, hezurrarekin
  • Tipula bat
  • Poru bat
  • Azenario bat
  • Baso bete ardo zuri
  • Piperbeltza, ale batzuk
  • Ura eta gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Egosi aurretik, gatzez ongi estaliak edukiko ditugu gutxienez ordu pare batean. Uretan pasa, xukatu eta lehortuko ditugu ondoren. Gatzetan eduki gabe ere egosi ahal izango ditugu, baina gezago egongo dira.

Eltze zabal batean ipiniko ditugu osagai guztiak. Urez bete eta sutan jarriko dugu ondoren (45 minutuan edukiko ditugu presio-eltzean eta 90 minutuan ohiko eltzean, tapaturik). Aztalak xamur dauden frogatzeko, labana punta ziztatuko dugu haragian: inolako oztoporik gabeko sartuko da. Xamur ez badira, sutan edukiko ditugu aztalak ongi egosi arte. Beren saldan utziko ditugu ondoren hozten. Hainbat eratan maneatuko ditugu ordutik aurrera aztalak. Bestalde, logikak agindu bezala, sekula ez dugu bota egoste salda, koipea kendu eta zopa bat egiteko, saltsa bat hornitzeko eta abarretarako erabiliko duguna.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?