TXERRI HANKA OGI-ARRAUTZEZTATUAK

Osagaiak

  • 12 txerri hanka, aurrekoak eta zuri-zuriak
  • Baratxuri-buru bat
  • Porru bat, osorik
  • Tipulin bat, osorik
  • Oliba olioa
  • Ura
  • Gatza
  • Irina, arrautza joa eta ogi birrindua
  • Oliba olioa, frijitzeko
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Hobe erabiltzen baditugu aurreko txerri hankak. Atzekoak baino haragi gehiago dute eta mamitsuagoak dira. Atzekoak gelatinatsuagoak dira, baina haragi gutxiago dute.

Kazola batean oliba olio xorta bat isuri eta alde guztietatik gorrituko ditugu hartan txerri hankak. Erne olio-zipriztinekin! Ongi txigortuta utziko ditugu. Koipe soberakina erretiratu eta baratxuri-burua, porrua eta tipulina irauliko ditugu kazolan. Irauli batzuk eman eta ur beroaz estaliko dugu guztia, 3 hatz gainetik. Gatz pixka bat eman eta kazola estalia utziko dugu guztia egosten hiru orduz, erdi irakinean. Ez presaka ibili, ile-apaindegira joan gaitezke bitarte horretan. Kazola ez da ur eskas geldituko (beraz, baten batek egon beharko du kazola kontzen), gaiak estaliko ditu beti eta lurrindu ahala berritu beharko da. Xamur daudelarik, kazolatik aterako ditugu txerri hankak.

Egosi diren salda iragaziko dugu ondoren, zopa bat egiteko, gisatu bat maneatzeko edo uraren ordez erabiltzeko ez dugu, bada, alferrik galduko! Beren epelean utziko ditugu hankak eta, kontu handiz ez hausteko, saiatuko gara hezur eta kartilago guztiak banan-banan kentzen, bat bakarrik ere geldituko ez den arte, hanka itxura gorderik beti ere. Hezurgabetu eta hoztu direnean, gatza eman, irin, arrautza eta ogi birrinduan pasa eta oliba olio ugaritan frijituko ditugu, ongi gorritu arte. Xukatu eta allioli saltsarekin edo Hondarraitz saltsa edo saltsa tartariar on batekin jango ditugu.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?