TXERRI MINGAINA ETA PATATAK ENTSALADAN

Osagaiak

  • 8 txerri mingain garbi
  • Baratxuri-buru bat
  • Porru bat, osorik
  • Tipulin bat, osorik
  • Kg bat patata, uretan egosiak eta zurituak
  • Eskukada bat perrexil, trauskil moztua
  • Oliba olio birjina
  • Xorta bat limoi zuku
  • Ura, gatza eta piperbeltz eho berria
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Kazola batean olio tanta bat isuri, eta gorritzen ipiniko ditugu mingainak, alde guztietatik txigortu arte. Erne ibili olioaren zipriztinekin! Ondo txigortu direla ikustean aterako ditugu kazolatik.

Koipe soberakina kendu eta baratxuri-burua, porrua eta tipulina kazolaratuko ditugu ondoren. Ongi nahasi eta orduan isuriko dugu ur beroa, jakitik gora 3 hatz estali arte. Gatz pittin bat eman, kazola estali, eta utzi egingo dugu guztia egosten, ezti-ezti, pare bat orduz. Urez estaliak egon behar dute jakiek, eta ur gehiago isuriko dugu lurrintzen ari dela ikusten badugu. Ongi xamurtu direnean, sutatik atera eta iragazi egingo dugu sortutako zuku guztia, zopa bat egiteko, saltsa baterako zernahi, baina ez arren bota!!!

Mingainak epeltzen utzi eta, hautsi gabe, kontu handiz zurituko ditugu epeldu eta gero. Labaina batez lauzpabost puska ertain egin eta gatza emango diegu ondoren.

Garrantzitsua da patatak oraindik epel daudela xerratzea: gatza eta piperra eman eta gopor edo entsalada-ontzi batean ipiniko ditugu. Katilu batean, nahasi eta sardexkaz joko ditugu batera olioa eta limoi zukua. Perrexila eta mingain puskak gainetik zabaldu eta entsalada-gai guztien gainean garaztatuko dugu ondoren limoi-olioa. Kontu handiz, patatak hauts ez daitezen, nahasiko ditugu ondoren gaiak.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?