TXIPIROI TXIKIAK BEREN TINTAN

Osagaiak

  • 30 txipiroi txiki, aborinekoak
  • 6 tipulin, pikatuak
  • Piper berde bat, pikatua
  • 2 baratxuri ale, xehatuak
  • Txipiroien garroak eta hegalak, oso fin pikatuak
  • 5 koilarakada handi oliba olio birjina
  • Baso bete ardo zuri idor
  • 10 koilarakada tomate saltsa
  • Litro erdia ur bero
  • Txipiroien tintak
  • Gatza

Errezeta


Txipiroiak garbituko ditugu lehenik, kontu handiz garbitu ere, tinta poltsak ez hausteko. Baso batean gordeko ditugu tintak ur pixka batekin. Gorputzetik bereizi eta labanaz pikatu edo moztuko ditugu garroak eta hegalak.

Kazola batean, 2 koilarakada olio ipini eta su eztian potxatuko ditugu hartan 2 tipulin, gatz pixar batekin, xamur gelditu arte. Sua bizitu eta pikaturiko garroak eta hegalak erantsiko ditugu. Salteatzen utziko ditugu 15 minutuan. Gatza eman eta hozten utziko dugu guztia.

Txipiroien barrua beteko dugu ondoren nahastura horrekin. Zotz banaz itxi, gatza eman eta gaiak itsasten ez diren padera batean salteatuko ditugu oliba olio tanta batean. Gorde egingo ditugu ondoren.

Kazola batean, 3 koilarakada oliotan potxatuko ditugu, su eztian, piper berdea eta baratxuriak, gatz pixka batekin. Ongi maneaturik daudenean “40 bat minutuan edukiko ditugu“, ardo zuria isuri eta, murrizten utzi ondoan, tomate saltsa erantsiko diogu ondoren. Ur beroak busti, tintak gaineratu, gatza eman eta beste 30 bat minutuan edukiko dugu guztia egosten. Xehatu eta kazola batera iragazi.

Saltsan barneratuko ditugu txipiroiak (zotza kenduta), bota duten zukuarekin batean, eta su eztian maneatuko ditugu saltsa beltzean xamur gelditu arte, 30 bat minutu. Gatz puntua neurtu eta, behar izanez gero, ur pixka bat erantsiko dugu azkartxo sumatzen baditugu edo saltsa lodiegi badago. Arroz zuriarekin zerbitzatu ahal izango ditugu.



Iruzkinak

Demasak! Atzo prestatu ditut azkeneko aldiz, gaur gauean afaltzeko.

Bide batez, 4. parrafoan tipulinaren aipamena falta da, liburuan ere horrela dago eta bizpahiru aldiz irakurri behar izan nuen lehenengo aldian errezeta ulertu ahal izateko.

Eskerrik asko Hasier.

Gari Araolaza @ 2015-11-26 14:38:03

Zer iruditu? Ondo atera zaizu?