TXIPIROI TXIKIAK PELAIO ERAN

Osagaiak

  • 30 txipiroi txiki, aborinekoak
  • Xorta bat brandy edo armagnac
  • 8 tipulin, zerrendatan moztuak
  • 4 piper berde, zerrendatan moztuak
  • 2 baratxuri ale, xehatuak
  • Kaienako pipermina, mutur bat
  • 5 koilarakada handi oliba olio birjina
  • Xorta bat txakolin
  • Gatza

Errezeta


Kazola zabal batean oliba olioa isuri eta su bizian maneatuko ditugu hartan tipulinak, piper berdeak, kaiena eta baratxuri pikatua, gatz pixar batekin. Egiten utziko dugu guztia, barazkiek barrutik xamurtu, kanpotik tinkotu eta kolore gorrixka hartu arte. 15 bat minutu gutxi gorabehera.

Txipiroiak garbituko ditugu, bestalde, azala errespetatuz eta garroak bereiziz. Barruko luma eta tripak kenduko dizkiegu. Dagokion garroa sartuko dugu txipiroi bakoitzaren barruan eta zotz batez itxi. Padera batean koilarakada batzuk oliba olio isuri eta, su bizian jarri ondoren, hartan salteatuko ditugu txipiroiak, gatz pixar batekin, txigortu eta gorritu arte. Une horretan erantsiko diegu xorta bat brandy edo armagnac. Une batzuetan biraka erabili eta tipula eginik gorde dugun paderara irauliko ditugu txipiroiak. Salteatu egingo ditugu berriro ere txipiroiak, brandy edo armagnacaren garretan bizpahiru alditan edukirik, ongi egin daitezen.

Txakolina erantsi eta 5 bat minutuan edukiko dugu guztia su bizian salteatzen. Gatz-puntua zuzendu eta berehala zerbitzatuko ditugu txipiroiak.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?