TXIRLA IREKIAK OLIO ERREAREKIN

Osagaiak

  • 1,5 kg txirla
  • 4 koilarakada handi oliba olio birjina estra
  • Kaienako piper-mutur bat
  • 4 baratxuri ale, xerratan moztuak
  • 2 koilarakada handi sagardo-ozpin
  • Perrexil xehatua

Errezeta


Ur ugarian garbituko ditugu txirlak. Xukatu eta lehortuko ditugu, garbitu ondoren. Guztiak sartuko diren padera edo kazola zabal batean olioa isuri eta su gainean jarriko dugu. Olioa berotzen hasi denean erantsiko ditugu kaiena eta baratxuri xerrak eta erretzen utzi aurretik irauliko ditugu txirlak. Bueltaka erabiliko ditugu ondoren. Su bizian eta bizkor salteatu behar dira txirlak: erretilu bero batera erretiratuko ditugu irekitzen hasi direla sumatu bezain laster.

Txirla guztiak sutatik kanpo dauzkagula, sagardo-ozpina isuriko dugu kazolan eta hantxe utziko dugu une batzuetan murrizten, ozpinaren garratza gabe haren zapore baizik ez dadin gera. Ozpinarekin batean, ardo zuria ere isuri ahal izango dugu, tanta batzuk. Kazola sutatik kanpo dagoela gaineratuko dugu perrexila eta zurezko zaliaz eragingo diogu saltsari, lodi dadin. Gatz puntua neurtu, behar badu zuzendu eta mantso irauliko dugu saltsa txirlen gainean, bero egongo dira eta oraindik.

Kontu handia eduki beharra dago kazola suaren gainean dagoela ireki ez diren txirlekin: hala bada, hilik edo hondarrez beterik daude. Hobe dugu saltsatik atera eta kanpoan irekitzen uztea, eta laban batez laguntzea, egosita ere ez baitira guzti-guztiak irekitzen. Irekitzen ez direla sumatzen badugu, hobe alboratu, ez dakigun jakia honda.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?