TXIRLAK SALTSA BERDEAN

Osagaiak

  • Kg bat txirla
  • 3 baratxuri ale, pikatuak
  • Litro laurdena ur bero
  • 4 koilarakada oliba olio birjina
  • Perrexil pikatua
  • Irina, ximiko bat
  • Zorrotada bat ardo zuri
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Kazola zabal apal batean jarriko dugu baratxuri xehatua eztitzen. Dantzan hasi denean, gorritu gabe, erantsiko dugu irina. Koilara batez nahasiko dugu. Ardoa eta ur beroa isuriko ditugu ondoren. Minutu batean edukiko dugu guztia irakiten. Txirlak erantsi eta berotasun horretan edukiko ditugu, ireki arte (tapa batez estaliko dugu, ahal izanez gero, kazola). Ireki ahala aterako ditugu txirlak kazolatik; halatan, irekitzen zailak direnek jasango duten berotasun handiak ez ditu irekitzen errazak direnak hondatuko. Txirlaren bat egoskor azaltzen bazaigu, hobe da baztertzea. Guztiak ireki bezain laster, kazolara bihurtuko ditugu berriro txirla guztiak. Perrexila emango diegu ondoren gainetik.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?