Osagaiak
Errezeta
Ongi garbituko dizkigute txitxarroak arrandegian, tripak, burua, alboko hezurrak eta isatsa kendurik. Txikiak badira, bitan zatituko ditugu; ertainak badira, lautan. Oliba olioa isuriko dugu zartaginean, bi hatzeko neurria harturik. Su eztian gozatuko ditugu baratxuriak, erre gabe olioa ongi kutsa dezaten. Minutu gutxi batzuen ostean, baratxuriak atera, sua biziagotu eta txitxarroak sartuko ditugu, gatza eman eta irinetan azaletik igurtzi eta gero. Buelta eta buelta frijituko ditugu ondoren, minutu batez alde bakoitzetik. Bizpahiru txandatan egingo ditugu txitxarroak, olioaren tenperatura apal ez dadin.
Gorri eta kurruskari daudela xukatu eta tomate saltsa beroan murgilduko ditugu. Sagardo-ozpina erantsi eta irakinaldi bat emango diogu kazolari. Gau batez edo utziko dugu kazola pausatzen, txitxarroak ongi busti daitezen. Mikrouhinetan berotu ondoan jango ditugu.