Osagaiak
Errezeta
Osagai guztiak hartuko dituen eltze batean egosiko ditugu txitxirioak, baratxuriekin batean, gatz pixka bat eman diogun uretan. Doi-doi estaliko ditu urak txitxirioak eta su eztian edukiko dugu eltzea ordu pare batean, elkar itsats ez dezaten. Komenigarria da gainean egotea, lehenago atera beharko baitugu, beharbada, sutatik eltzea. Bakailaoa dadotan moztu ondoan, zurtoina aterako diegu ziazerbei, eta harekin batean hostoa zeharkatzen dien hari gogorra. Garbitu eta xukatuko ditugu ondoren. Arrautza egosia xehatuko dugu gero.
Padera batean olioa isuri eta su eztian edukiko dugu tipulina, xamur gelditu arte. Une horretan, padera sutatik atera eta erantsiko dugu piperrautsa. Nahasi eta eltzekoan isuriko dugu guztia. Gatz-puntua neurtu, zuzendu eta, egoste-salda loditu dela frogatu ondoan, sartuko ditugu eltzean ziazerbak eta bakailao dadoak. Eragin egingo diogu eltzeari, gai horiek ongi barnera daitezen. Arrautza egosi xehatua erantsi eta mahairako prest edukiko ditugu txitxirioak.