ESCUALDUN COCINERA

Gure lehen sukalde liburua da, 1864an Baionan argitaratua. Egile ezezaguna, baina hango errezetak irakurtzeak ematen duen plazeragatik ekarriko ditugu hona noiznahi, musika eder dira eta. Liburuaren idazpuru osoa: ESCUALDUN COCINERA, Ceinarekin nornahic cocina ona errechki eguin baiteçake. Ez da asmo makala! Ohar tipi bat ere badakar ezer baino lehen: ABISUA. Liburu huntan hanitz gauça frantxes guisa icendatuac joanen dire, ezdakiulakotz escuaraz icenac.

Ederra da armiarma.comeko lagunak lagun izatea -balio diezagun geuri ere erredundantziak-, baina haien lan eskergari esker —berriro ere bedi zilegi erredundantzia—, dauzkagu hemen EUSCALDUN COCINERAko testuak errazago irakurtzeko moduan. Esker mila Gorka, Josu, Mikel, Patxi eta zareten beste guztioi. Zerua ere ez duk ordain egokia izango zuen lanarentzat.

 

7- Idi muinac

Eguiten duçu hachicha chingar azpiki guicenaz eta guinharriaz; uzten duçu gorritcera arras urhin gutitan. Emaiten duçu baso bat arno eta bertce haimbertce salda, biper beltcha eta perrechila buket bat; muina trempan atchiki ondoan ur hotcian, garbitzen duçu ur beroan. Itçulica çaçu irinian eta fritaraz urinian gorritu artio. Eçarraçu saltsan eta egosaraz su ezti batean.

Egiten duzu haxixa xingar azpiki gizenaz eta ginharriaz; uzten duzu gorritzera arras urin gutitan. Emaiten duzu baso bat arno eta bertze hainbertze salda, biper beltxa eta perrexila buket bat; muina trenpan atxiki ondoan ur hotzian, garbitzen duzu ur beroan. Itzulika zazu irinian eta fritaraz urinian gorritu artio. Ezarrazu saltsan eta egosaraz su ezti batean.

cocinera027.jpg

Ogui-Çopa

Çopa gucietaric chimplena eta errechena. Eçarracu supier batean behar den ogui achala mehe picatua eta colore ederrecoa, ichuraçu gainera bi çalhi edo cullera handi salda oguiaren trempatceco, eta guero betheçaçu supiera. Eltceco berdagailiac acieta batean berech cerbitçaçaitçu.

Zopa guzietarik xinplena eta errexena. Ezarrazu supier batean behar den ogi axala mehe pikatua eta kolore ederrekoa, ixurazu gainera bi zalhi edo kullera handi salda ogiaren trenpatzeko eta gero bethezazu supiera. Eltzeko berdagailiak azieta batean berex zerbitzazaitzu.

 

Irrisa-Çopa

Harçaçu lau presunendaco laurden bat irrisa ongui escutan pasatua, garbi çaçu laur edo bortz aldiz ur ephelean eta azkenean ur hotcian ongui frotatuz. Emaçu gainera salda ausarki, irrisa ez dadin boulli bilhaca; egosaraçico duçu bi orenez su ezti batean. Colore eder baten içaiteco emoçu cullera erdi bat aratcheki yusa. Carolinaco irrisa da cocinaco hoberena.

Harzazu lau presunendako laurden bat irrisa ogi eskutan pasatua, garbi zazu laur edo bortz aldiz ur ephelean eta azkenean ur hotzian ongi frotatuz: emazu gainera salda ausarki, irrisa ez dadin boulli bilhaka; egosaraziko duzu bi orenez su ezti batean. Kolore eder baten izaiteko emozu kullera erdi bat aratxeki yusa. Carolinako irrisa da kozinako hoberena.

Çopa à L’Italienne.

Eçartzen duçu ilharra egosten erregusta batendaco beçala, pastanagre, phorru eta bertcekin. Eçartcen duçu bi cullera irris oihal churi batean leherrarazteco ilharren eltcera. Ilharrak egosi direnean, eguinen duçu purea clar bat. Eçarraçu burra pochi bat casola batean, eta han fritaraçaçu tipula chehatua; gorritu denean, eçarraçu irrisa eta purea.

Ezartzen duzu ilharra egosten erregusta batendako bezala, pastanagre phorru eta bertzekin. Ezartzen duzu bi kullera irris oihal xuri batean leherrarrazteko ilharren eltzera. Ilharrak egosi direnean eginen duzu purea klar bat. Ezarrazu burra poxi bat kasola batean, eta han fritarazazu tipula xehatua; gorritu denean, ezarrazu irrisa eta purea.

 

Çopa à la Condé

Egosarazten dituçu eltce batean asesonaturik ilhar biribilac edo eltceilharrak. Purea eguiten duçu eta berriz suan eçartzen tipula frituarekin garstatceco edo flambatceco. Picaçatçu ogui ttipi batçu, burran edo urinian fritatceco; eçaratçu supierian, eta pureari eman ondoan cullera bat sucre, ichuraçu bero-berua oguien gainerat eta cerbitçaçaçu.

Egosarazten dituzu eltze batean asesonaturik ilhar biribilak edo etxeilharrak. Purea egiten duzu eta berriz suan ezartzen tipula frituarekin garstatzeko edo flanbeatzeko. Pika zatzu ogi puxka ttipi batzu, burran edo urinian fritatzeko; ezaratzu supierian, eta pureari eman ondoan kullera bat sukre, ixurazu bero-berua ogien gainerat eta zerbitzazazu.

Belhar Çopa casolan.

Pica çaçu pastanagria phiruca, eta tipula cheha; eçarratçu han cerbac eta espinagriac, gatça eta biper belcharekin. Egosi direnean, betheçaçu casola ur beroz. Utcaçu irakinteerat, eta cerbitçatceco mementoan oguia eçar.

Pika zazu pastanagria phiruka, eta tipula xeha; ezaratzu kasolan urina berotu denean. Gorritu direnean, ezaratzu han zerbak eta espinagriak, gatza eta biper beltxarekin. Egosi direnean, bethezazu kasola ur beroz. Utzazu irakintzerat, eta zerbitzatzeko mementoan ogia ezar.

Khuya Çopa.

Pica çaçu khuya puchcaca, eta eçarraçu eltce batean edo marmita batean urarekin. Irakinaraçaçu bi oren, khuya lehertu artin eta ura irex artio; emozcotçu gatça eta burra puchca bat; eguinarazcotçu oraino çombait irakin, güero egosarazten duçu thaça bat esne eta sucratçen: ichuraçu çure esnea khuyaren gainera, arranyaçaçu ogui cherracatua supier batean; oguia bustitcen duçu çure khuya saldaz, estalaçu, eta eçar hauts bero puchca baten gainean oren laurden bat, oguia trempa dadin, bainan irakin gabe; cerbitçatçeco mementoan eçarraçu gaineraco salda ongui beroric.

Pikha zazu khuia puxkaka, eta ezarrazu eltze batean edo marmita batean urarekin. Irakinarazazu bi oren, khuia lehertu artio eta ura irets artio; emozkotzu gatza eta burra puxka bat; eginarazkotzu oraino zonbait irakin, gero egosarazten duzu taza bat esne eta sukratzen; ixurazu zure esnea khuiaren gainera; arraniazazu ogi xerrakatua supier batean: ogia bustitzen duzu zure khuia saldaz, estalazu, eta ezar hauts bero puxka baten gainean oren laurden bat, ogia trenpa dadin, bainan irakin gabe; zerbitzatzeko mementoan ezarrazu gainerako salda ongi berorik.

 

Iruzkin bat idatzi