Garaikoa edo asteko errezeta

Astean behin errezeta bat nabarmenduko dugu tarte honetan, garaikoa den errezeta bat alegia. Ordiziako eta Bilboko merkatuen arabera, jaki nagusiak zer preziotan dauden ere zehaztuko dugu.

Hemen ere zuen ekarpenak ongi etorriak izango dira, besteak beste, ikusitako eskaintza bat nabarmentzeko, adibidez: “Joan den astean babarrun kilo bat erosi nuen 10 eurotan Altzako merkatuan”, edo “Errezeta hori egiten saiatu naiz, baina ez dut lortu. Zergatik?”, eta beste batek bere iritzia ematen ahalko dio. Hori da tarte honi eman nahiko geniokeen funtsa.

Zer da ‘plazer baduzu’?

Tarte honek web orri honen bihotza izan behar du, erabiltzaileen arteko trukaketa gunea alegia. Norberak bere errezetak, sekretuak eta kritikak idazten ahal ditu hemen. Ez dago dudarik guztien parte-hartzeak aberastuko duela web orri hau, eta arrakasta izango duela sukaldaritzan dauzkagun jakintzak konpartitzeko gai bagara.

Beldurrik ez izan izena eman eta idazten hasteko. Azken finean sukaldaritza ez da zientzia zuzena, eta errezetaren izena berdina izan arren, beti dago zehaztasun bat aldatzen dena etxe batetik bestera. Hemen idazteko ez da sukaldari edo kazetari famatua izan behar. Gogoa nahiakoa da. Txikitasunetik heltzen da handitasunera. Txikitasunetik aberasten da sukaldaritza. Eta txikitasunetik egiten diogu gero eta tarte zabalagoa euskarari gure bizitzan.